Sei film, VII. Sebastiane Latino sarirako hautagai
GEHITU Euskal Herriko Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Elkarteko kideez osatutako epaimahaiak Sebastiane Latino saria emango dio Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan sarirako hautagai izango diren sei film latinoamerikarretako bat
Ekoizpen hauek arituko dira lehian Sebastiane Latino saria, aurten zazpigarren ediziora iritsiko dena, eskuratzeko: Lemebel, Segunda estrella a la derecha, One Taxi Ride, Un rubio, Temblores eta Esto no es Berlín. Lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako filmak eskuratuko du saria.
GEHITUko kideek adierazi dutenez, aukeratutako lan guztiek era honetako gertaerak salatzen dituzte: «indarkeria isilduak: norberak norberaren nahiari jarritakoa, sasizientziekin sendatu nahi duen erlijiosoa, gizonezko gayen aurkako salatu gabeko bortxaketak edo ikusezintasun bisexuala eta batzuetan lesbikoa». Film sarigaietako batzuek 1980ko hamarkadako kontrakultura mexikarreko LGTBI harrotasunaren rola edota Lemebel pentsalari eta artista txiletarra ere gogorarazten dute, gainera.
Iazko edizioan, Marcelo Martinessi Uruguayko zuzendariaren Las herederas filmak VI. Sebastiane Latino saria eskuratu zuen “helduaroan errealitate lesbikoa ikusarazteagatik”.
Joanna Reposi Garibaldi. Txile / Kolonbia, 2019, 96 min.
Pedro Lemebel
Dokumentala, Pedro Lemebel (1952-2015) artista bisual, idazle eta Latinoamerikako queer mugimenduaren aitzindari txiletarrari buruzkoa. Filmak haren bizitzaren une garrantzitsuak azaltzen ditu haren bizitza pribatuaren bideoak eta argazkiak zein performance enblematikoenen irudiak erabiliz.
Ruth Caudeli. Kolonbia, 2019, 83 min.
Lorena Castellanos, Andrés Jiménez, Alejandra Lara
Emilia hogeitaka urteko aktore bisexualak betiko lagunekin bezala hazteari uko egingo dio bere ingurune sozialeko mundu perfektuan egokitzen saiatzen den bitartean. Antzezpen-eskolak emanez ateratzen du bizibidea, eta erosoago sentitzen da ikasleekin bere adineko jendearekin baino. Ezkondu aurreko agur batean bizitzarekin zoritxarreko sentitzen den bakarra ez dela ikusiko du, eta guztiok ezkutatzen dugula benetan zer garen.
C.K. Mak. Mexiko / Singapur, 2019, 84 min.
Ericken bizitza betiko aldatu zen taxi batera igo eta gidariak eta bi konplizek bortxatu zutenean. 17 urte zituen eta ez zuen salatu, ez zen medikurenera joan, eta ez zien senideei eta lagunei jakinarazi. Dokumental honek hamarkada bat geroago gazte horrek bere bizitza erreklamatzeko hasitako bidaiaren berri ematen du.
Marco Berger. Argentina, 2019, 108 min.
Alfonso Barón, Justo Calabria, Antonia De Michelis
Gabriel etxea partekatzen hasiko da Juan izeneko gazte gonazalearekin, Buenos Airesko aldirietan. Lotsatia eta isila, etxekidearen begiradei eta esku-ukituei ez ikusiarena egiten saiatuko da «Gabo», etxekidearen gizontasuna, itxuraz, zalantzarik gabekoa baita. Elkarrenganako erakarmena ukaezina da, ordea.
Jayro Bustamante. Guatemala / Frantzia / Luxenburgo, 2019, 107 min.
Juan Pablo Olyslager, Mauricio Armas Zebadúa, Diane Bathen
Pablo gizon erlijioso praktikatzaile, senar eta aita zoragarria da. Eredugarria da Guatemalako gizarte kontserbadorean. Bat-batean, baina, dardara baten modura, egiazko maitasuna iritsiko da haren bizitzara. Familiari eta elizari esker uko egin ahal izango dio sentipen horri; irtenbide bakarra da seme-alabak galdu nahi ez baditu.
Hari Sama. México, 2019, 115min.
Xabiani Ponce de León, José Antonio Toledano, Mauro Sánchez Navarro
Mexiko Hiria, 1986. Carlosek, 17 urteko gazteak, inon ere ez duela bere tokia aurkitzen sentitzen du. Musika baino ez zaio gustatzen, eta Rita gogoko du, Gera adiskide onenaren arreba. Haren bizitzaren norabidea aldatuko da klub batera doanean; gaua, askatasun sexuala eta drogak ezagutuko ditu, baina bi gazteen arteko adiskidetasuna estualdian ere jarriko du toki horrek.