2019

XX. SEBASTIANE SARIAK

Donostia Zinemaldiko hamabi film, XX. Sebastiane saria lortzeko hautagai

Sebastiane Sarien atzetik dagoen Gehitu elkarteak Kubatik ekarriko du ‘Todo sobre Pedro… Almodóvar cumple 70 años’ erakusketa.

GEHITUk, Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak, LGTBI kolektiboaren errealitateak, askatasunak eta aurrerabide sozialak hobekien islatzen dituen Zinemaldiko ekoizpenari emango dio 2019ko Sebastiane saria. Hogeigarren urte honetan, irailaren 27an banatuko da saria eta 67. Zinemaldiko Sail Ofizialeko eta New Directors, Horizontes Latinos, Perlak, Zinemira eta Made in Spain sailetako hamabi filmen artetik aukeratuko da irabazlea.

Era berean, irailaren 20an Horizontes Latinosen proiektatuko da Jayro Bustamanteren Temblores, 2019an LGTBI tematikako film latinoamerikar onenaren Sebastiane Latino saria irabazi duen film luzea. Guatemala, Frantzia eta Luxenburgo arteko koprodukzio horren lantaldeak emanaldiaren aurretik jasoko du saria.

Bestalde, Sebastiane sariek Pedro Almodóvarren urtebetetzearekin lotu nahi izan dute sarien 20. urteurrena; izan ere, irailaren 25ean 70 urte beteko ditu zinemagileak. Hori horrela, GEHITU elkarteak Kubatik ekarriko du ‘Todo sobre Pedro… Almodóvar cumple 70 años’ erakusketa. Ekimenaren abiaburua AECID-Espainiako Enbaxadaren Kultura Kontseilaritzarekin, El Deseo ekoiztetxearekin eta Kubako zinematekarekin lankidetzan egindako lehiaketa bat izan zen, CartelON proiektuaren barruan. Hartan 40 diseinatzaileren proposamenak jaso ziren eta hauxe izan da emaitza: 20 lan finalistak eta Almodóvarren filmografiako jatorrizko kartelak barnean hartzen dituen erakusketa bat. GEHITUren eta Donostia Kulturaren arteko lankidetzari esker ikusiko dugu estreinakoz Europan, azken horrek Udal Liburutegiaren jardueren aretoa lagako baitu, San Jeronimo kalean. Irailaren 21etik 29ra egongo da ikusgai eta bertan parte hartuko du jatorrizko ideiaren sortzaileak ere, Yumey Beso Payok.

Urtero bezala, Donostian egingo da Iberoamerikako LGTBI zinema-jaialdien topaketa, irailaren 23tik 25era bitarte, zubiak eraikitzeko eta gogoetarako esparrua emateko asmoz. Zortzi herrialdetako 16 zinema-jaialdik hartuko dute parte. GEHITU izango da anfitrioia, Donostia Zinemaldiarekin eta Acción Cultural Española (AC/E) elkartearekin lankidetzan, eta Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programaren bitartez (PICE). Topaketaren bosgarren edizioan, AECIDek (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentzia) eta Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak parte hartuko dute, eta Kutxa Fundazioak jarriko ditu guneak.

Azkenik, bi alderdi azpimarratu nahi izan ditugu Sebastiane sarien arduradunok: batetik, LGTBI tematikako ekoizpen kopuru nabarmena aurkeztu dela 67. Donostia Zinemaldian eta, bestetik, lehiaketak babes handia ematen diola LGTBI zinema-jaialdien topaketari.

Donostiako lehiaketaren eta Sebastiane sarien arteko elkarlanak beste ekarpen bat egiten du, kulturgintzaren alorretik, gure gizarteak berdinzaleagoak eta askeagoak bihurtzen dituen horretan atzera ez egiteko” azaldu nahi du GEHITUk.